logo


Juan Aldazek egindakoa (KAITen kidea)

 

Nola aktibatu kirol ariketaren FrontON/OFF etengailua?

 

Irunen joan den martxoaren 26 eta 27an Udal Kirol Politiken X. Topaketak “Kiroletarako habitat egokiak” programa burutu ondoren, erabat aberasgarri eta erakargarriak izan diren topaketei amaiera eman eta sintesi labur bat egitea plazer bat izan da niretzat zalantzarik gabe.

Topaketak, edukien arabera, hiru bloketan antolatuta egon ziren, bakoitzari zegozkion ponentzia eta esperientzietan oinarrituta, udalerriak kirola egiteko habitat egokiak izatearen inguruko ideian sakontzeko asmoz.

Enkargu honi erantzuteko proposamenak niregan hasiera batean poz sentsazio atsegina sortu zuen, bai maila profesionalean eta bai pertsonalean hainbeste preziatzen ditudan pertsona askok parte hartzen zuten topaketa batzuk sintetizatu eta amaiera emateko erantzukizuna betetzeko “aukeratua” izana nire egoarentzat pizgarri bikaina zelako. Hala ere, berehala, poz sentsazio hori zerbait deseroso bihurtu zen, erantzun bat ematera behartzen ninduena nire ezaugarrietatik abiatuta, ezagutzaren artisau bat bainaiz (edo soziologoa, batzuk esatea nahiago duten bezala), uste duena pertsonak ulertu eta laguntzea umildadezko ariketa erradikala dela uste duena, errealitate soziala edozein dela ere azaltzerakoan autoritatea eman ordez, era honetako erronkak agertzen zaizkigun bakoitzean gure galderak eta erantzun posibleak berrabiaraztea exijitzen diguna.

Horrela, topaketen laburpena eta amaieraren aurkezpena osatzeko lanetan ari nintzela, ordenagailu eramangarria frontoi baten itxura hartzen joan zen, izan ere, lanetako bakoitza irakurri eta berrirakurtzen nuen bakoitzean, diskurtso bakar batean artikulatzeko zailak ziren galdera berriak itzultzen zizkidan, beraz ordenagailuan eginiko ekarpenen inguruan nire ikuspegi subjektibotik jo behar izan nuen. Berez, frontoiaren irudia etorri zitzaidan partekatutako ponentzia eta esperientzia guztien haria bailitzan, izan ere, habitatak, beren dinamika, gatazka eta, noski, paradoxei buruz hitz egitean, gure espazio arketipikoaz hitz egiten ari ginen: Frontoia, edo hobe esanda, FrontON/OFF irudiaz. Ideia honi berriz helduko diot amaieran.

Lehenengo bloke tematikoak, Harkaitz Angiozar moderatzaile izan zuena eta Habitata inguru fisikoa bezala: planeamendua, diseinua eta azpiegiturak kirola egiteko izenburupean, topaketen muinean sakontzen lagundu zigun, alegia, kirol espazio (urbs) bat ez dela derrigorrez kirolerako tokia (habitat=urbs/civitas/polis) edo, alderantziz, kirolerako “ez” den espazio bat izan daitekeela kirolerako tokia, Juanma Muruak eta Juan Andres Hernandok egindako ekarpenetatik eta Urban Sasoi-ren esperientzietatik ondorioztatu daitekeenez: Hirigintza aktiboaren kodea (Naiara Zabala), Active Urbes hiri-ibilbideak (Patxi Galarraga), Hiria prestatu jardunaldi handiak antolatzeko (Txus Rojo), eta Kirol Ekipamenduetan Foru Aldundiko planen barruan egungo erronkak (Jose Luis Andueza).

Bigarren bloke tematikoan, Kirolerako habitata dinamizatzea, Aitziber Muñoz moderatzaile izan zuena, civitas-ek kirol habitatak berreskuratzen daukaten egitekoan sakondu genuen, Gaspar Mazaren eskutik azalpenak emanez espazioaren eta publikoaren arteko disonantzia kreatiboaz, eta kirolaren aktibazio honetan funtzionatzen duten programen bereizgarriak Aitziber Benitoren eskutik azalduz. Bloke honetako esperientzia praktikoak ondorengoak izan ziren: Ermua Mugi (Antton Garcia), Mugisare – Mugiment (Izaskun Uribesalgo), Vitoria-Gasteiz: Hiria, ariketa fisikoa bultzatzeko elementua (Mikel Hoyos), eta Txirringaren erabilera sustatzeko Gipuzkoan eman diren udal esperientziei buruzko balantzea (Edorta Bergua).

Hirugarren eta azkeneko blokean, Kirolerako habitata arautzea eta administratzea izenburuarekin, Matzalen Laskibar moderatzaile lanetan, Ion Iriarte eta Jose Pelegrinen ekarpenak izan genituen eta polis delakoek kirol habitat horietan daukaten egitekoan oinarritu ziren, erreferentziatzat hartuz, lehenengo kasuan, kirolaren kudeaketarako zerbitzuen diseinuak daukan garrantzia eta, bigarrenean, kirol jardunaldien egitekoa.

Topaketetan ikasitakoak eguneroko lanean eduki dezakeen aplikagarritasunari buruzko gogoetak eta bizipenak partekatzeko kafe goxo bat hartu ondoren, jardunaldien gaiari buruz Luis Solar, Antton Garcia, Marian Ispizua eta Ana Vallejok izandako elkarrizketaz gozatu genuen, espero zen bezala, bi egun bizi horietan azaldutako argudio eta ideia asko erkatzen eta prozesatzen lagundu ziguten, kirola (gaztelerazko deporte eta latinezko deportare) hitzaren jatorria eta esanahia gogoratu eta berreskuratzeko garrantzia azpimarratuz, latinezko “deportare”, atetik kanpoko zerbait, dela gogoratuz.

Topaketetan egon diren ekarpenekin amaitzeko, Rogelio Fernandezek, amaierako ponentzian, kirol zerbitzuen kudeaketan emozioek duten garrantzia azpimarratu zigun, eta agian kudeaketan efektibitatea eta afektatibitatea konbinazioan pentsatu beharko litzatekeela.

Gorago aipatutako FrontON/OFF ideia berreskuratuz, topaketetan egindako ekarpen guztiek uzten zidaten arrastoa zera izan zen, kirol habitataren kudeaketan egin behar dugula, eta berez jada egiten ari garela, urbs, cibitas eta polis adierazleen arteko elkarrizketa etengabe aktibatzera jotzeko aldaketa. Aldaketa hau, nire ustez topaketetan eginiko ekarpenen sintesi argumentala izan daitekeena eta ikuspegi sistematikoa baino ez dena, erdi-erdian pertsonak eta elkarrizketa honetan (urbs/civitas/polis) duten partaidetza jarriz, beti ere emozionatzen duten habitatak, seguruak eta osasungarriak, sortzea helburu izanik.

Zentzu horretan, eta azkeneko gogoeta bezala, pentsatzen dut kirol habitata aktibatzea, edo FrontOFF espazioetatik FrontON tokietara pasatzea posible dela, eta posible izaten jarraituko duela, pertsonek habitat hobeak eraikitzeko lanean jartzen duten grina eta interesari esker. Horregatik, kirolaren artisauek (kudeatzaile, ekintzaile, ikertzaile, irakasle eta abar) daukaten egitekoa errebindikatzen amaituko dut, pasio, umildade eta eguneroko lanarekin habitat horietara irekitzen saiatzen baitira, urratsez urrats, kirolarentzat eta kiroletik hobetzeko helburuz.