logo


Artículo de opinión publicado previamente para la AVSP (https://avsp.eus/)

Egun xelebre hauetan, modu baten esate aldera, gizarte praktikak, kirol praktikak barne, noski, itxialdi bortitz baten aurrean aurkitzen dira. Itxialdi honek aurreko normaltasun anormalaren (alderantziz ere pentsa liteke) hainbat ahulezia nabarmendu ditu eta, askoren ahotan, pandemiak erakutsiko dizkigun lezioen gaineko hausnarketa baikorrak zein negatiboak loratu dira. Akaso, positiboak negatiboak baino gehiago direlakoan nago, ala bestela esanda, ozenago mintzatzen ari direlakoan nago: Kapitalismoaren heriotzaren atarian gaudela; aukera bakarra sozialismoaren ala basakeriaren artekoa dela; oinarrizko errenta inoiz baino modu ageriagoan, eta makurragoan, betidanik hor egon diren gizarte ezberdintasunak samurtzeko erreminta dela; eta abar luze bat.

Ni ez naiz orakulu ona, eta ez dakit inor prospekzio taxuzkorik egiteko kapaz ote den gainetik pasatzen ari zaigun olatu honen astindua, oraindik ere, gure gainean dagoenean, baina, uste dut, zerbait erakustekotan, ikasteko prest gauden hori baino ez digula irakatsiko.

Honen adibide argia dugu kirol esparrua, zentzu zabal batean ulertua. Susmoa dut, krisi egoera honen aurrean, kirol eragile indibidual zein kolektibo, nola publiko zein pribatu, ezberdinen aldetik ematen ari diren planteamenduak, eraldatzaileak baino, berreraikitzaileak izaten ari direla. Ez dut uste errotik askorik aldatuko denik epe ertain-luzera. Jarraian arreta bereziki deitu didaten adibide batzuk aipatuko ditut.

Maila indibidualean, argi ikusi dugu kirolaren beharra, espazio publikotik espazio pribatura eraman dugula, askoren etxeak behin-behineko gimnasioetan bilakatuz. Kapitalismoa hiltzat jotzen duten horientzat, Amazoni galdetu ze nola dijoakion pandemia garaian, besteak beste, kirol produktuen salmentari esker. Datu bat aipatzeagatik, Uno, Espainiako logistika patronalaren datuen arabera (https://www.elmundo.es/economia/ahorro-y-consumo/2020/04/16/5e95fa1721efa0955e8b4593.html), itxialdi honetan, kirol produktuen salmenta %25 inguru igo omen da, besteak beste, bizikleta estatikoen eta korrika egiteko zinten erosketei esker. Argi dago gertakari honen aurrean, aukera leiho bat baino gehiago, aukera balkoi bat aurkitu duenik ere badagoela. Duenarentzat noski, esaerak dion moduan, “dagoenean bonbon, ez dagoenean hor konpon”. Kapitalismoaren DNA.

Eraldaketa hau, nola ez, sare sozialetan eta partekatu dute askok. Bapatean, denak bilakatu gara kirolari. Ala akaso, kirola egiten duen orok, luzituko badu baino ez du egiten eta, ondorioz, sareak aliatu ezinbestekoak dira. Edozein kasutan, kirol-ohituren ikerketa taxuzko bat izango bagenu, susmoa dut, kirol eta jarduera fisikoa sustatzeko politika paradoxiko baten aurrean gaudela argi eta garbi erakutsiko lukeela. Jendea etxean konfinatu dugun honetan, inoiz baino kilometro gehiago egin baitituzte askok, hamsterrak bere gurpilean bezala. Zer pentsatuko ote luke Foucaultek burua altxatuko balu…

Kirola, gainera, jada ez da kirol pultsometro edo bestelako aparaturik gabe. Gure datuak sortu eta partekatu nahi ditugu. Uneoro. Momentu errealean. Zenbat kilometro, nondik eta, zergatik ez, norekin egin ditugun partekatuz. Ze energia kontsumitu dugun, zein material erabiltzen dugun… Jada ez ziren konfinamendua baino lehen ia korrikalariak existitzen, beren 90. Hamarkadako kurtso bukaerako kamisetekin eta, orohar, janzkeran, konbinazio kromatiko ezinezkoez gain, sakeleko telefonorik gabe ateratzen ziren. Gutxiengo arraro bat ziren konfinamendu aurretik eta, “ateak irekitzen” ari diren honetan ere, desagertzera egingo dutelakoan nago “runner-en” alde. Korrikalariak disidenteak dira. Libre izan nahi dute. Deskonektatu, eta hori, gure gizarte hiper-konektatuan, geroz eta okerrago ikusia dago.

Gure gizartean Big Data eta Big Brothera batera doazela onartu behar dugulakoan nago. Borondatez gure datuak partekatzen jarraituko dugu, “erosotasunagatik”, inortxok behartu gabe. Kirola horretarako plataforma ezin hobea izan da orain arte eta, aurrerantzean, hobeagoa izango delakoan nago, gure osasunagatik gure askatasuna mugatzeko prest egongo garelako “zeinen erosoa kirola egiteko app berri hau!!” oihukatuz. Egungo obedientzia, pandemiak erakutsi digun moduan, ez da modu biolentoan inposatzen (hau irakurtzen ari zareten gehienontzat behintzat ez behintzat), ez, sedukzioaren bitartez baizik. Zeinek egin diezaioke uko osasunaren truke bere datu guziak partekatzeari?? Kirola, dilema horren nukleoan aurkitzen da, eta jendeak egin dugun hautua nahiko argi dagoelakoan nago.

Hori gutxi balitz, Big Dataren eta Big Brotherra eskutik doazen gizarte honetan, kirola, deskonektatzeko baino, hiper konektatuak jarraitzeko baliatzen dute gehiengoek, itxialdi garaia ere. Kontziliazioa lortu asmotan etxea bizi-leku, lantoki, haur-eskola, kiroldegi, eta, oro har, multi-toki bilakatu den honetan, non, egiaz, toki bat berak ere ez du leku izendatzea merezi. Kalera maizago ateratzeko aukera genuen garai hartan esaten zen modura, zeinen ideia ona den kirola egitera joan ahal izatea telefonoa gurekin daramagula, nagusiak deitzen badigu ere. Zeinen ideia bikaina hiperkonektatu bezain hiper-mendeko izatea. Leku guzietan, une guzietan, zeregin anitzean gabiltza, baina beti, bat bera ere sakonean bizi gabe. Denak ere instrumentalizatu egin izan bagenitu bezala, gu geu ere, Chaplinek Garai Modernoetan irudikatu zuen modura, mekanismo baten pieza bilakatu izan bagina bezala. Beti prest. Beti aktibo. Beti prest.

Badirudi kirol praktikak, praktika askatzaileak baino, gure gorputzarekin, ingurukoekin, eta ingurumariarekin konektatze laguntzen digutenak baino, indibidualismo are eta kapsulatu batetarako praktika erradikaletan bilakatu direla pandemia garaian ere. Psikologia positiboaren eredu dan coaching lazgarri baten eskutik, nahi baduzu ahal duzu lelo pean, pandemiaren ondorio lazgarriak pairatzen uzten ez duena, gehienetan, ahal baduzu nahi izaten duzula ahaztuz, eta sufrimenduaren errua, norbanakoarengan jarriz.

Sentsibilitate ideologiko guztiek berdintsu pentsatzen dute kirolaz, eta honen adibide, bere erabaki hartze momentu kritiko honetan, orain arte inaktibitate fisikoaren pandemiari (OMEk horrela izendatua) aurre egiteko zegoen erraminta nagusia alboratu, kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko aurrekontuak izoztuz, eta “egiazko” pandemiari aurre egiteko bideratu dute.

Alde guztietatik desazkundearen eta eraldaketaren beharraz ari diranean, kirolean, citius, altius, fortius-aren esapide Olinpikoa berrindartzen ari denaren susmoa, eta beldurra ere, dut. Pandemia garaian ere askok ez dutelako kirolaren balio eraldatzaileaz modu erradikal batean pentsatzeko betarik apenas hartu. Kirolaren zentroan jolasa eta ez jokoa jartzeko aukera bat gehiago galduko dugulakoan nago. Motelago, baxuago, suabeago esapide berri bezain desiragarri batek itxaron beharko duelakoan nago. Berriro esan behar: ai Foucaultek burua altxatuko balu…

Deja un comentario

*